10+ merkataritza-bonua hurbileko saltoki txikiei zuzenduta dago eta merkatuan 2,5 milioi euro sartuko ditu

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 250.000 bonu aterako ditu merkatura. Bonu horien bitartez  2,5 milioi euro jarriko dira merkatuan Gabonetako kanpaina bultzatzeko.

10+ Merkataritza Bonuaren bitartez, erosketetan gastatutako 20 euro bakoitzeko Merkataritza Sailak beste 10 euro ematen ditu Euskadiko dendetan gastatzeko.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok, gaur, tokiko merkataritza sustatzeko 10+ Merkataritza Bonua kanpaina aurkeztu du, Barakaldoko alkate Amaia del Camporekin eta ACE Barakaldo elkarteko presidente Ana Morgadorekin batera.  Gainera, bertan egon dira Juan Andrades merkataritza-zuzendaria; Gregorio Rojo, Arabako Merkataritza Ganberako presidentea, Eusko Ganberak elkarteko ordezkari gisa; Jon Andoni Aspuru, Euskomer konfederazioko presidentea; eta Bittor Lizarribar, Euskaldendak konfederazioko presidentea. Guztiak Eusko Jaurlaritzaren laguntzaile dira, kanpaina saltokiekin koordinatzeko lanean.

 

Retortillok gogoratu du Euskadiko saltokiek krisia gogor lan eginez gainditu dutela. “Euren lana aitortu beharra dago eta eusteko izan duten ahalmena eskertu behar zaie. Mila esker, benetan, hor egoteagatik. Baina eskerrak emateaz gain, gure lana ere bada ahalegin hori babesteko modua bilatzea”.

Horregatik, 10+ Merkataritza Bonuaren bitartez, hurbileko saltoki txikiari Gabonetako kanpainako erosketetan laguntzea bilatzen da. “Jakina da, tokiko saltokirik gabe, gure kaleek eta auzoek, gure herriek eta hiriek gizarte-kohesioarekin, eta saltoki horietako erakusleihoetako argien eta produktuen inguruan, gure kaleetan ibiltzeko alaitasunarekin ere loturik dagoen funtsezko elementu bat galtzen dutela.

Hori dela eta, lehen aurkezpen hau Barakaldo bezalako herri batean egitea erabaki dugu, merkataritza-arloan tradizio luzekoa eta dendek girotutako kalez betea, bertako saltokien bilakaerarekin lotuta dauden Euskadiko hainbat lekuren eredu gisa”, azaldu du Retortillok.

“Kanpaina hau gure kaleetan beharrezkoa den bizitza hori pixka bat gehiago sustatzera ere zuzendua dagoela pentsatzea gustatzen zait. Guztioi interesatzen zaigu, bai dendarioi bai herritarroi. Lagundu dezagun guztiok eginkizun horretan” gaineratu du sailburuak.

10+ Merkataritza Bonua

10+ Merkataritza Bonua ETEei, hurbileko saltoki txikiei zuzendua dago. Saltokiek —aurretik ohartarazi zaie— datorren abenduaren 22ra arteeman ahal izango dute izena —batzuek jada eman dute—.

Eroslearentzako bonuak 20 euroko kostua izango du, eta Sailak beste 10 euro emango dizkio, atxikitako saltokietan 30 euro gastatu ahal izateko.  Pertsona bakoitzak gehienez 2 bonu erosi ahal izango ditu, eta urtarrilaren 5era arte batera edo bakoitza bere aldetik gastatzeko aukera izango du.

Bonua ez dago produktu-kategoria jakin batean gastatu beharrik. Bonuarekin edozein saltoki motatan eros daiteke: arrandegi, harategi, zapata-denda, arropa-denda, liburu-denda, lurrin-denda eta abarretan. Atxikitako establezimenduek euren erakusleihoetan edo ateetan kartel bat jarriko dute, eta bertan erosi eta gastatu ahal izango da bonua.

 

MERKATARITZA BONUA 10 +

Euskadiko tokian-tokiko merkataritza sustatu eta laguntzeko kanpaina

Esparrua: Euskal-Herriko merkataritza establezimenduak.

Erosketa prezioa: 20€  Balio nominala: 30€

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak tokian-tokiko merkataritza laguntzeko kanpaina abian jarri du, eta zure eskura jarriko ditu 250.000 merkataritza bonu. 250.000 modu establezimendu txikien alde zerbait handia egiteko. 

Lor itzazu zure bi 10+ Merkataritza Bonuak hurbilen duzun dendan. Ordaindu 20€ eta gastatu 30€ Euskadiko edozein establezimenduetan. 

Eros ezazu hurbileko merkataritza establezimenduetan, beti hor egin direnak, gure auzoetan, herrietan eta hirietan

Atxikitzeko Dokumentua (DOC, 1 MB)

 

ENPRESA TRANSMISIO ETA ERRELEBOA

HARPIDETZA

Dendartean Berriak

Jaso berri bakoitzeko albiste jakinarazpena.