Argi gutxiegi lur zikinetan

Ehun saltoki, 40.000 metro koadroko azalera eraikia, 40 milioi euroko inbertsioa, mila autorentzako aparkalekua, urtean sei milioi erosle potentzial, bostehun lanpostu berri, Espainiako Estatuan Bartzelonak eta Madrilek baino ez dituzten moduko outlet herrixka bat. Hori da Higertoki SL enpresak Hondarribiko Udalari egin dion proposamena. Behi lodien garaiko proiektua dirudi. Zehaztapenetan sakonduta, baina, prozesua korapilatzen da.

Outlet village hori Gaintxurizketako Zaldunborda lurzoruan eraikiko litzateke, 2004an errauste planta egiteko Txingudiko Zerbitzuak erakunde publikoak (Txinzer) erositako lur eremu kutsatuan. Hondarribiko Udalak (Hondarribia Lantzen sozietatearen bitartez), hura eta Irungo Udala partaide diren Txinzerri erosi berri dio lurra, balio duena halako sei ordaintzea adostuta, eta deskontaminazioaren kostua bere gain hartuta. Gainera, Zaldunbordak landa-lurzoru izaera juridikoa du, ez merkataritzakoa; udal gobernuak hori aldatu nahi du, eta aurten onartzekoa den Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) birkalifikatu, baina EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak (EAELAB) dagoeneko «kontrako irizpena» eman dio, HAPOari lotutako txosten baten bitartez.

Txomin Sagarzazu (Hondarribiko alkatea): “Gure asmo nagusia lur eremu horretarako Hondarribian jarduera ekonomikoen bidez enplegua sustatzea da”

Hondarribia Lantzenek iazko ekainaren 20an erosi zion Txinzerri lurzorua. Irailean lizitazio prozesua ireki zuten eta Higertoki izan da lizitazio prozesura aurkeztu den enpresa bakarra. Maiatzaren 30ean sortu zen Higertoki, hau da, salerosketa baino hiru aste lehenago. Bilboko superportuan egoitza duen Esergi Inversiones (Avia gasolindegiak) enpresaren eskutik jaio da enpresa berria, eta horrek ere zalantza eragiten du. Izan ere, zaila da ulertzea hidrokarburo holding batek merkatuko balioaren oso gainetik dagoen lur eremu kutsatu bat erosi, deskontaminazioaren kostua ordaindu, eta bertan outlet saltoki multzo bat eraiki nahi izatea.

Udalarentzat, “aukera”
Hondarribiko udal gobernuarentzat Zaldunborda estrategikoa da. Txomin Sagarzazu alkateak berak Hitzari esan dionez, «guk dakigula ez dago lege arazorik eremuarekin». Alkateak onartu du Hondarribiak jarduera ekonomikoa sustatzeko aukera gutxi dituela, eta Zaldunborda gutxi horietako bat da: «Arau orokorretan Hondarribiak jarduera ekonomikoetarako baimendua duen lur kopurua txikia denez, eginkizun horretarako lur publikoari lehentasuna ematea axola handikoa da».

Une honetan nekazal-lurzoru gisa arautua dago Zaldunborda, baina lantzen ari diren HAPOan jarduera ekonomikoetarako kalifikazioa jarri diote: «HAPOaren prozesuan jarduera ekonomikoetarako egokia dela aitortuta dago —adierazi du alkateak—, eta gainera, aspaldi kutsatutako zatiak badituenez, garbitze lan horiek egitea beharrezkoa du. Beraz, gure asmo nagusia lur eremu horretarako Hondarribian jarduera ekonomikoen bidez enplegua sustatzea da, eta eremuaren jabeak kutsatutako zatiak garbitzea». Halaber, udal gobernuaren arabera, ez dago arazorik birkalifikazioarekin aurrera jarraitzeko.

Abotsanitz oposizioko taldearen ustez, aldiz, gauzak ez daude hain garbi. Igor Enparan bozeramaileak Zaldunborda behin-behinekoz HAPOtik kentzeko eskatu dio udal gobernuari: «Oinarrizko zalantza juridiko bat dago gai honen gainean, atera dezagun HAPOtik Zaldunborda, onartu dezagun beste guztia, galdetu diezaiogun berriro EAELAB-i, eta erantzunaren arabera sar dezagun berriro HAPOan, batzordeak zehaztutako izaerarekin».

Horrekin bezainbeste edo gehiago, lurraren salerosketarekin kexu azaldu da Abotsanitz: «Erosketa prozesuan ez dugu justu bezala ulertzen Txinzerri erostea lur eremu bat, non ia milioi erdi bateko etekina ematen diogun, eta deskontaminazioaren kostua gainetik kentzen diogun. Azkenean, Hondarribiko Udala lau milioi eta erdiko etekina ari zaio ematen». Lizitazio prozesua bera ere legez kontrakoa den susmoa du Enparanek, eta aurrera eramanez gero, herritarrentzako kaltea handia izango litzatekeela deritzo: «Hondarribia Lantzenek Higertokiri egin nahi dion salmenta gauzatuz gero, nulo deklaratzeko aukera asko daudela esan digute, baina kasu horretan ja ezingo lioke Txinzerri itzuli. Lur hori deskontaminatu beharko litzateke, 3,5 milioiko gastua Hondarribia Lantzenek hartuko luke, eta lizitadoreari kalte-ordaina eman beharko litzaioke, salmenta modu ezegokian egin delako. Gainera, udalak ezingo luke ezer egin lurzoru horrekin, Jaurlaritzaren eta aldundiaren hirigintza planak aldatzen ez diren bitartean».

Eragina Gipuzkoa osoan
Zaldunbordako outlet village proiektuak 40.000 metro koadroko saltoki multzoa aurreikusten du, puntako marken 100 saltoki inguru. Hori horrela, Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomo elkarteak biltzen dituen Dendartean elkartea oso kezkatuta azaldu da egitasmoaren aurrean. «Eragin oso negatiboa izango luke, ez bakarrik Bidasoa eskualdean, baita Gipuzkoa osoan ere», adierazi du Amador Viteri elkarteko presidenteak.

Igor Enparan (Abotsanitz): “Erosketa prozesuan ez dugu justu bezala ulertzen Txinzerri erostea lur eremu bat, non ia milioi erdi bateko etekina ematen diogun, eta deskontaminazioaren kostua gainetik kentzen diogun”

Lizitazio prozesua irekita dagoenez, Sagarzazu alkateak ez du baloratu nahi izan proiektua: «Ez daukat publikoki baloratzerik espedientea lizitazio prozesuan dagoen bitartean. Une honetan Hondarribia Lantzeneko administrazio kontseilukideok osatzen dugun kontratazio mahaiak prozesuko hiru gutunazalak ireki eta dagozkien txosten teknikoak aztertu eta gero, proposamena egin behar dio batzar nagusiari, honek bozka dezan».

Zaldunborda Txinzer

Zaldunborda deskontaminatzeko kostua 3,5 milioi euroan kalkulatu dute, BEZa aparte

Dendartean elkartearentzat, baina, proiektuak ez du zentzurik, Europak aspalditik baztertu dituelako hirien kanpoaldeko merkataritza guneak. Batetik, enplegua kaltetzen dutela dio: «Europan eginiko ikerketa guztiak bat datoz esaterakoan eredu hauek sortzen duten enpleguaren bikoitza deuseztatzen dutela. Gainera, enplegu prekarioa sustatzen dute eta konpetentzia desleiala eragiten dute, zentro horiek ez dutelako gure lan hitzarmena ezartzen, estatukoa baizik». Eta bestetik, hirien garapenerako kaltegarriak direla uste du Gipuzkoako merkatarien presidenteak: «Hirietako inbertsioak uxatzen dituzte, eta hirien basamortutzea eragiten dute, interes orokorraren kontrako hirigintza da».

Merkatariei eragiten dien beldurraz gain, proiektua Europak eta Jaurlaritzak zehaztutako lerro estrategikoen kontrakoa dela deritzo Dendarteaneko presidenteak: «Hamar urtez aztertzen aritu diren eta iaz onartu zuten Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendurako Plangintzak esaten du merkataritza guneak hirien barnean sortu behar direla. Europako lurralde agendek gauza bera diote, hirigintza eta lurralde paradigma berria, hirigunearen berrurbanizazio, birmoldaketa eta birsorkuntzan oinarritu behar dela, eta ez hiri kanpoaldean. Sindikatuak, talde ekologistak, kontsumitzaileen elkarteak… Ez da guk esaten dugun zerbait, guztiz kontrastatua dagoen zerbait baizik».

Jaizkibel-Aiako Harria korridorean
Ingurumenaren aldetik, outlet denda multzoaren proiektuak eragin handia izango luke, Zaldunborda Jaizkibel mendiaren magalean dagoelako. Horrek Bidasoaldeko Lagunak plataforma ekologistan biltzen diren eragileengan kezka piztu du. Pilar Barquin plataformako kideak uste du «landazabal baten paisaiaren suntsitzea» ekarriko lukeela proiektuak, eta horrek Natura 2000 sareak babesten duen eremua arriskuan jarri lezake: «Jaizkibel eta Aiako Harria lotzen dituen korridore ekologikoaren barruan kokatzen da. Horregatik, Jaizkibel arriskuan dago, Aiako Harriarekin lotuta egon behar delako, eta landazabalak berebiziko garrantzia duelako horretan. Hau guztia galduko litzateke, eta atzeraezina litzateke, interes ekonomiko partikularren mesederako».

Amador Viteri (Dendartean): “Europan eginiko ikerketa guztiak bat datoz esaterakoan eredu hauek sortzen duten enpleguaren bikoitza deuseztatzen dutela”

Bere ustez, outlet village delakoa mugikortasun aldetik ere «astakeria» da, herritik urrutien dagoen muturrean egingo litzatekeelako: «Horrek auto trafikoaren hazkundea ekarriko luke, mila autorentzako aparkalekua, gasolindegi bat… Zentzugabekeria da. Hiriak modu konpaktuan handitu behar dira. Europak eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako eta udalek bete beharreko estrategia guztien kontrakoa da Zaldunborda».

Abotsanitzeko Enparan bat dator merkatarien eta ekologisten iritziarekin: «Aintzakotzat hartzen ditugu, ez dugu hiri eredu hori ulertzen. Gainera, Hondarribiak industria du faltan, arlo horretan behar du garapen ekonomikoa, ez merkataritzan. Baina horrez gain, kalte ekonomikoak oso handiak izan daitezke udalarentzat eta hondarribiarrentzat».

Prozesua geldiaraztea eskatzeko zer egin aztertzen ari direla gaineratu du. «Eragileekin kontaktuan gaude eta inguruko udalekin harremanetan jarri nahi dugu, planteamendua ezagutu dezaten, ingurumen eta merkataritza aldetik Oarso Bidasoko udalerri guztiak kaltetuak izango direla uste baitugu». Eta auzitara jotzea ez du baztertzen, «legez kontrako zerbait egiten ari badira, eta herritarren interesak

Hogei urte luzez kontrolik gabeko hondakindegi

Zaldunborda Txinzer

Lurra deskontaminatzea garestia dela argudiatu izan du Txinzerrek aginduak ez betetzeko

Hondarribia Lantzenek Higertoki SLren eskaintza onartuko balu, Txinzerrek ez luke Zaldunborda deskontaminatu beharko, eta esku aldaketan lau milioi euroko etekina izango luke

Hondarribiko Udalak 2016ko ekainean erosi zion Zaldunborda Txinzerri, Hondarribia Lantzen sozietatearen bitartez. Txinzerrek, bere aldetik, 2003ko urtarrilean eskuratu zuen Zaldunborda, jabe partikular bati erosita. Ordurako kutsatuta zegoen eremua, 1993tik legez kanpoko hondakindegi bezala erabiltzen baitzen, batez ere obretako materialak uzten ziren bertan, inolako kontrolik gabe. Bitan behintzat (1997an eta 1999an) Jaurlaritzak Hondarribiko Udalari agindu zion hondakindegia ixteko, baina ez zen neurririk hartu.

Biometanizazio planta eraikitzeko erosi zuen Txinzerrek Zaldunborda, eta 2004an aurkeztu zuten hondakinak tratatzeko plantaren proiektua. Kontrako mobilizazio handiak izan ziren eta, batez ere horren ondorioz, errauste plantaren proiektua bertan behera geratu zen.
Gerora, Zaldunborda hondakindegi bezala erabiltzen jarraitu du Txinzerrek. Erakundearen beraren txostenetan azaltzen denez, berun, antimonio eta benzoapireno kontzentrazio altuak daude eremuan. Halaber, azken urteetan Eusko Jaurlaritzak hondakindegia zigilatzeko eskatu du, baina Txinzerrek muzin egin dio eskakizunari, proiektua garestiegia zelako.

Lau milioi euroko etekina
Hondarribiko Udalaren eta erakunde publikoaren arteko akordioaren arabera, 3.579.041 euro behar dira lurzoruko deskontaminazio lanak burutzeko, BEZa aparte. Hondarribia Lantzenek lurzorua Higertokiri salduko balio, enpresak ordaindu beharko luke diru hori. Salmenta bi urtean gauzatzen ez bada, Zaldunborda Txinzerren eskuetara itzuliko litzateke eta Hondarribia Lantzenek jarritako dirua atzera jasoko luke.

Baina, Hondarribiko Udalak Higertokiren eskaintza onartuko balu, Zaldunbordako lur kutsatuez libratuko litzateke Txinzer, eta operazioan 4.866.123 euro jasoko lituzke, lurzoruak balio duena baino lau milioi euro gehiago.
Txingudiko Zerbitzuak erakundeak 789.586 eurotan erosi zuen lurzorua 2003an.

 

http://bidasoa.hitza.eus/2017/05/12/argi-gutxiegi-lur-zikinetan/

ENPRESA TRANSMISIO ETA ERRELEBOA

HARPIDETZA

Dendartean Berriak

Jaso berri bakoitzeko albiste jakinarazpena.